Saridun idazlea: Ricardo Gómez

08-11-2022

Egurketariak bakayatarren tribua bizi den oihaneko zuhaitzak mozteko asmoz iritsi dira. Egoera horren aurrean, Emeka bi sentimenduren erdi-erdian dago: lilura eta naturaren aurkako gehiegikeria. Música entre las ramas da argumentu hori jasotzen duen eleberria. Nobela horrek jaso zuen Ala Delta 2022 saria.

Ricardo da, hain zuzen ere, haur literaturako egile ezagunenetako bat. Beste hainbat sariz gain, Txikien Cervantes, Espainiako sari garrantzitsuenetako bat, eskuratu du. Matematikako irakaslea izandako honek 50 lan baino gehiago argitaratu ditu. Lan horiek ibilbide komuna dute: ezbaian jartzea, ebidentziak erakustea eta hunkitzea. Elkarrizketa honen bidez, pixka bat gehiago ezagutzera animatu nahi zaitugu.

 

Beste edizio batzuetan, Alandar saria eskuratu du. Zer esanahi du zuretzat azken edizioan Ala Delta saria irabazi izanak?

Edozein sari jasotzean, parekorik ez duela iruditzen zaizu eta, Ala Deltari maitasun berezia nion Edelvivesekin dudan lotura dela eta. Liburu hau bilduma bereko beste batzuen osagarria eta, nolabait, laguntzailea dela esan dezakegu. Pozgarria iruditzen zait istorio honen protagonistak, Emekak, nire beste pertsonaia batzuei, aurrekoei eta etorkizunekoei, keinuak egitea. Sariaren zati handi bat edizio eder honekin eta Christa Sorianoren ilustrazio zoragarriekin lotuta dago.

 

Nola sortu zen Música entre las ramas?

Liburu bat zoriaren eta borondatearen arteko nahasketarekin egiten den sukaldeko lan mantsoaren emaitza izaten da. Hainbat istorioren elementu nagusitzat zuhaitzak zituzten ipuinen bilduma bat idazten ari nintzen, munduko hainbat txokotan girotuta. Mukulungoak eta sapelliak hizpide zituen ipuin labur bat idatzi nuen eta, bat-batean, oihan erraldoi bat zabaldu zen nire begien aurrean. Bertako protagonistek bizitza eta espazio handiagoa eskatzen zituzten. Geroago, hasierako kontakizun hura nobela hau bihurtu zen.

 

Nolakoa izan zen Christa Soriano ilustratzailearekin lan egiteko prozesua?

Benetako plazera. Hasiera-hasieratik ikusi nituen bere zirriborroak eta amaierako ilustrazioetaraino zer bilakaera izan zuten. Begi onez ikusi zituen nik egindako ohar batzuk eta uneoro jarri zituen bere esku trebeak istorioaren zerbitzura. Egunen batean aurrez aurre elkar ezagutzeko eta liburu honen amaiera zoriontsua ardo on batekin ospatzeko aukera izango dudala espero dut, editatuta eta ilustratuta dagoen moduan. Bide batez, aukera hau baliatu nahiko nuke Jorge Gómez editorearen lan bikaina eta harekin izandako sintonia ona gogora ekartzeko.

 

Egile gisa, zer da liburu baten elementu lasaigarriena?

Liburu bat lasaigarria izan daiteke, baina aldi berean egonezina sor dezake, erronka bihur daiteke edo enbarazu egin dezake. Irakurle gisa, nire ustez, pertsonaiek eta ipuin edo kontakizun batek eskaintzen dituzten biografien zati bat gure ikuspegia eta, nolabait, gure bizitzako esperientziak zabaltzeko daude hor. Idazle gisa, prozesu hau harago doa. Izan ere, horri guztiari hasiera batean solte daudela diruditen, baina pixkanaka-pixkanaka istorio batean kateatzen diren ideiak nola mamitzen diren eta pertsonaiek bizitza autonomoa nola eskuratzen duten ikusteak sortzen duen asebetetzea gehitu behar zaio.

 

Matematikako irakaslea zara: irakaskuntzako zer zati da ezinbestekoa idazten duzunean?

Hauxe da nire oinarrizko ideia: irakaskuntzan, ez dugu erakusten, partekatu baizik. Eta partekatzeko prozesu horren baitan, harritzera, irudimena erabiltzera, aplikatzera… gonbidatzen ditugu denak. Idazten ari naizen bitartean, ezagutzen ez nituen pertsonaiak edo gertaerak ezagutzen joaten naiz eta irakurleak prozesu horretan lagun izango ditudala espero dut.

 

Zer baldintza bete behar du ideia batek gero istorio bihurtzeko?

Galdera interesgarria da hori. Literaturak milaka urte daramatza ideiak erabiltzen eta, horrekin lotuta, ezinezkoa da originala izatea. Izan ere, gai unibertsalak ez dira aldatu: bekaizkeria, adiskidetasuna, traizioa, abenturarako desioa, maitasuna, bidegabekerien aurrean eustea, beldurra, inbidia.. Nire istorioen bidez, ideia horietakoren bat pertsonaia batean edo gehiagotan irudika dezaket, eta ikuspegi pertsonalagoa eta perspektiba garaikidea (edo ez horren garaikidea) ematen saiatu.

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Zure liburuetako askotako argumentua gogoeta egitera bultzatzen gaituen edo konpromiso sozial handia duen gaia da. Nahita egiten al duzu edo zure idazle sormenari atxikita al dago?

Zalantzarik gabe, nahita egindakoa da. Idazle gisa, nik ez ditut istorioak kontatu nahi. Badaude nik baino askoz ere hobeto egiten duten edo egin izan duten idazleak eta haien lanak irakurtzen saiatzen naiz. Inguruan dugun munduan pentsatzen dudanean eta ideia boteretsu bat azaltzen denean, nik zerbait esan nahi dut sortzen ditudan pertsonaien bidez. Eta Bertolok zioen moduan, irakurle zibil edo idazle zibil gisa egiten dut, nire kulturan eta nire denboran txertatuta. Nire liburuen bidez, gogoeta egin daiteke eta, hipotesiak edo desioak formulatu. Baina baita seinalatu edo salatu ere.

 

Edelvivesen argitaratutako liburu guztietatik, ba al dago maitasun berezia diozunen bat? Eta hala bada… zein?

Denei diet maitasun berezia, baina ezin ditut ahaztu Bachir eta Hamida, El cazador de estrellas liburuko protagonistak. Istorioa errefuxiatu sahararren kanpamenduetan kokatuta dago. Haiek, liburu honetako gainerako pertsonaiak bezalaxe, ezagutu nituen, bizirik dauden eta isilarazten dituen munduan beren ahotsa aldarrikatu nahi duten pertsonak dira. Baina Nushi, Diario de un campo de barro liburukoa, edo Fabio, La isla de Nuncameolvides abenturakoa ere ezin ditut ahaztu. Ez eta jakin-mina edo abenturen bila joatea sinbolizatzen duten beste animalia batzuk ere. Hori da, hain zuen ere, El perro que buscaba estrellas edo Tres historias con gato kontakizunetan gertatzen dena.

 

Ba al duzu oraindik idatzi ez duzun, baina idazketarako gai bihurtu nahiko zenukeenik?

Aita hil baino lehenxeago, bere haurtzaroko oroitzapenak idazteko eskatu nion eta hark idatzitako koaderno bat dut gordeta. Xehetasunez beteta dagoen eskuizkribu ederra da. Pentsa dezakezuen moduan, lerro horietan orain laurogei edo laurogeita hamar urte atzera egiten da, haurra zela Errepublikaren erorialdia eta gerraren lehen urteak bizi izan zituen urteetaraino. Horren inguruan idatzi nahiko nuke, baina ikuspegi berri batetik abiatuta: duintasunez bizirik ateratzea lortu zuelako harrituta dagoen aitona-haur baten ikuspegitik.

 

Zer irakurketa iruditu zitzaizun ahaztezina zure haurtzaroan?

Halako asko izan nituen! Irakasle bikain bat izan nuen, Dionisia andereñoa. Zazpi urte nituenean, Bibliako eta Odiseako istorio egokituak irakurtzen zizkigun gelan. Hari esker ezagutu nituen Ulisesen zuhurtasuna eta Polifemoren jatuntasuna, adibidez. Garai hartan, liburu gutxi genuen eskuragarri eta irakasleek asko irakurtzen zuten gelan. Don Ferminek, bederatzi urte nituenean, Corazón eta Machadoren olerkiak irakurtzen zizkigun. Ordutik, liburu eta pertsonaien zerrenda hori etengabe hazi da. Hori bai zortea!

 

Hitz gutxitan

Uharte desertu batera zer eramango zenuke?

Lagun mordoa, bakoitza liburu on batekin.

 

Fikziozko pertsona bazina, zein izango zinateke?

Haurrentzako eta gazteentzako literaturaz ari garela, Barbicane, De la Tierra a la Luna liburuko protagonista. Baina baita Txilintxo ere, Barrieren maitagarria.

 

Zer irakurtzen ari zara orain?

Hainbat liburu irakurtzen dut aldi berean. Uneotan, honako hauek ditut mahai gainean: Natalia Carreroren Yo misma, supongo, Gravesen Los mitos griegos lanaren bigarren liburukia eta Margareth Atwooden Ojo de Gato. Eta baditut beste batzuk ere zain.

 

Eskerrik asko, Ricardo!!