Christa Sorianok oihaneko soinuak ilustratu ditu ‘Música entre las ramas’ liburuan

08-11-2022

Christa Soriano ilustratzaileak azaldu digu nola egin duen lan Música entre las ramas liburuko orrialdeetan oihaneko soinuak entzun daitezen, naturarekiko bere maitasuna senti dadin eta adinekoen jakinduriak duen balioa azpimarratzen duen tribuen komunitatearen sentsazioa arnas dadin.  Liburua eskuragarri dago Ta-tum liburutegian.. 

 

Egurketariak oihanera iristean Afrikako tribu indigena batek egindako defentsari buruzko eleberri liluragarria da Música entre las ramas. Zertan inspiratu zara ilustratzeko? 

Tribua Afrikako benetako tribu batean oinarrituta dagoela aipatu zuen eleberriaren idazleak, Ricardo Gómezek. Hain zuzen ere, Kongoko Errepublikako, Afrika Erdiko Errepublikako, Kamerungo eta Gabongo tribu batean. Hortaz, ahalik eta informazio gehien bilatu nuen hari buruz. Inoiz ez naiz egon Afrikako oihan batean, baina bai Kolonbiako Amazonas oihanean eta Asiako hego-ekialdeko hainbat oihanetan. Egunen batean Afrikako oihana ezagutzea ametsa litzateke niretzat!

 

Naturaren inguruko gaietan espezializatutako ilustratzailetzat duzu zure burua eta harrigarriak dira liburuko ilustrazioak. Natura zale amorratua zarela imajinatzen dugu. Nondik datorkizu zaletasuna?

Natura oso presente egon da beti nire bizitzan, Kataluniako Pirinioetako herri baten jaio bainintzen, Cerdanya eskualdean. Bailara horretako herriak oso txikiak dira eta basoz inguratu daude. Bailara bat zenez, haurra nintzela edozein lekutara begiratuta ere mendiak ikusten nituela oroitzen dut. Eta oso animalia zalea izan naiz beti!

 

Nolakoa izan zen idazlearekin, Ricardo Gómez koordinatzea eta lan egitea?

Batez ere, editorearen bidez koordinatu genuen lana, baina harekin hitz egin dudanetan pertsona xarmagarria iruditu zait, eta oso sentibera. Istorioari eta pertsonaiei dien maitasun berezia antzematen da. Hori asko gustatzen zait!

 

Eleberri honek 2022ko Ala Delta saria jaso du eta ekologiarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko interesa sustatzen du haurren artean. Kezkatzen al zaitu gai horrek?

Bai, eta uste dut denok kezkatu beharko genukeela gai horren inguruan. Puntu bat topatu beharko genuke eko-antsietatearen eta eko-axolagabetasunaren artean, guztiok planetari ahal dugun moduan laguntzeko, gure etxea baita. Urte askoz gaizki tratatu dugu planeta eta horren ondorioak nabari ditugu dagoeneko. Garrantzitsua da pentsatzea ez dela urruti dugun etorkizuna, oraina baizik.

 

Eta, sariez ari garenez, zuretzat eta zure lanarentzat zer esan nahi izan zuen Edelvivesen Nazioarteko Ilustrazio Sariketan aipamen berezia jasotzeak? 

Beti miretsi izan dut Edelvives argitaletxea, badakidalako asko zaintzen dutela eta serio hartzen dutela irudien tratamendua. Miretsi egiten dut lan egiteko modu hori, eta identifikatuta sentitzen naiz. Gainera, edukia oso zainduta dago eta asko miresten ditudan egileak eta ilustratzaileak ditu katalogoan. Aukera eman zidatenean, zoriontsu sentitu nintzen katalogo bereko kide izateagatik.

 

Orain azaldu apur bat gehiago zure lana. Proiektu bakoitzean zure estiloa ezberdina dela ikusten dugu. Nolakoa izan zen lan honetan murgiltzeko prozesua?

Niretzat oso garrantzitsua da proiektua inguratzen duen guztiaz ongi bustitzea: kultura, historia, erreferenteak… Horretan oinarrituta, irudi eta argazki asko biltzen hasten naiz, inspirazio-erreferentzienak zein kolore-paletenak. Gero zirriborroak egiten ditut –batez ere, pertsonaiak ageri badira– eta, azkenik, zirriborroak testuan enkoadratu eta originala egiten dut.

Lan honen kasuan, oihanari eta liburuko tribuari buruzko informazio asko bilatu nuen. Asko inspiratu nahi izan nuen oihaneko soinuetan, istorioaren zati handi bat horri buruzkoa delako. Horretarako badago izugarri gustatzen zaidan orrialde bat!  Munduko hainbat oihanetako benetako audioak biltzen ditu, eta grabaketetan entzuten diren animalia asko urte gutxian ez direla existituko kontatzen du. Horregatik dokumentatu nahi izan dute. Hau da orrialdearen izena: fragmentsofextinction.org

Proiektu bakoitzaren prestaketa ezberdina da, baina denetan ikertzen dut asko, eta zirriborro asko egiten ditut, lanaren estiloa eta tonua ongi ordezkatzen duten irudiak egitera iritsi arte.

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Beti teknika bera erabiltzen duzu?

Ez dut teknika bera erabiltzen. Sarri aldatzea gustatzen zait. Zenbat eta teknika gehiago ikasi, orduan eta hobeto. Batez ere, akuarelaz margotzen dut, baina grafitoa, koloretako arkatzak, akrilikoak eta eskuzko teknikak ere gustatzen zaizkit, hala nola grabatua edo serigrafia. Teknika digitala ere asko erabiltzen dut. Aukera asko eman dizkit horrek, nahi adina aldiz alda ditzakezulako gauzak.

 

Ziur baduzula anekdotaren bat proiektu honekin lotuta…

Gogoan dut une batean bidaiatzen ari nintzela eta Amazonaseko oihanean nengoela. Gure gidak, gauero, legenda eta istorio asko kontatzen zizkigun oihanean bizi ziren espirituei buruz. Hala, bidaia ia magikoa bihurtu zen, ipuin baten barruan bageunde bezala. Handik urte batzuetara, Música entre las ramas ilustratu behar izan dudanean, askotan ekarri ditut gogora oihanean pasatutako egun haiek.

 

Liburuko zure pasarterik gogokoena hau dela irakurri dugu. Kontatuko diguzu zergatik?

Feminista naizen aldetik, emakumeei oraindik ere amatasunarekin lotutako eskubide asko falta zaizkigula uste dut. Ez legeetan jasotakoak bakarrik, gizarteak onartutakoak baizik. Amatasuna gizarteari egiten zaion ekarpen gisa hartzea, eta ez handicap gisa edo produktiboa izango ez zaren denbora tarte gisa.

Hazkuntzari eta zaintzari benetan duten balio soziala emanez gero, emakumeek ez lukete lanik egin beharko seme-alabarik izango ez balute bezala, eta ez lukete ama papera bete beharko lanik izango ez balute bezala. Zoragarria iruditu zitzaidan Ricardok nola kontatzen duen emakumeen arteko sororitatea, horietako bat erditzean. Uste dut balio sozial handiak erakusten dituela.

 

Naturarekiko errespetua sustatzen du lan honek, baina komunitateko adinekoekiko eta bizitzaren osagai espiritualarekiko errespetua ere bai. Zure ustez, eleberriak ilustrazioak izateak nola laguntzen dio haurrekin lan egiteari?

Ederra da ikustea liburuan adineko pertsonak garrantzitsuak eta baliotsuak direla komunitatearentzat. Esperientziaren ikurrak dira eta errespetu handiz tratatzen dituzte. Nire ustez, liburua eredugarria izan daiteke irakurle gazteentzat.

Ilustrazioei esker, tribuko kideak oso modu antzekoan jantzita daudela eta haien artean ezberdintasun gutxi daudela ikus dezakete irakurleek. Gure gizartean baino batasun sentsazio handiagoa dago. Izan ere, gure gizartea oso zatitua dago, maila sozialen eta pertsona moten arabera; eta talde batzuk, zoritxarrez, oso baztertuta daude.

 

Eta orain, amaitzeko, zu hobeto ezagutzeko galdera batzuk egingo dizkizugu:

Ilustratzailea izan ez bazina, zer izatea gustatuko zitzaizukeen?

Ziur asko, sorkuntzarekin lotutako beste bideren bat hartuko nukeen. Artearen munduaren barruan, gustuko ditudan adar asko daude. Hain zuzen ere, arte zuzendaria izateko ikasketak amaitu berri ditut.

 

Zer gomendatuko zenieke marrazteko zuk adinako grina duten ikasleei?

Inoiz ez uzteko marrazteari! Izan eurentzat, edo izan artearen sektorean lan egiteko. Marraztean edo beste edozein sorkuntza artistiko egitean, asko ikasten duzu zeure buruari buruz. Eta, batez ere, ez dezatela pentsa marraztu ahal izateko talentu berezi batekin jaio behar denik. Gustatuz gero, ikasi egin daiteke, gainerako diziplinak bezala.

 

Zure ustez, irakasleek zertan lagun diezaiekete?

Ikasle bakoitzaren trebetasunak susta ditzakete. Denek ez dute zertan onak izan matematikan, ekonomian edota hizkuntzetan. Ni eskolara joaten nintzenean, irakasle guztiek errieta egiten zidaten liburuetan, fitxetan… marrazkiak egiten pasatzen nuelako eguna. Baina bakar batek ere ez zidan esan aukera profesional bat izan zitekeenik; hobbie gisa baino ez zuten ikusten. Zorionez, hezkuntza ereduak aldatzen ari dira pixkanaka eta hori hobetzen ari da.  

 

Eta, azkenik, Música entre las ramas liburuaz gain, zer beste liburu gomendatuko zenieke hamar eta hamabi urte arteko haurrei, zuk haien adinean irakurri zenuena?

Printze txikia gomendatuko nieke. Lehen unetik markatu ninduen liburu hark. Nik adin horrekin irakurtzen nituen liburuen artean, Manolito Laubegi edo Nikolas Txiki oroitzen ditut, batez ere. Bereziki gogoan dut irakurri nuen lehen liburua, hau da, ipuina ez zena, eta udalekuetan izan zen. La Lluna en un Cove zuen izena, Gemma Lienasena. Nobela grafikoak eta komikiak irakurtzera ere animatu nahi nituzke gazteak. Asko maite dut genero hori!

 

Gogoan hartuko dugu guztia. Eskerrik asko zure lanera apur bat gehiago gerturatzeko aukera emateagatik!