
Irakurgai eta abentura berriak!
Beste behin ere, irakurketaz gozatzen hasten direnentzat Ta-tum plataforman proposamen berriak gehitu ditugu. Alde batetik, Paper Txoriak Sail Gorriko liburua: Tomas eta guraize magikoak. Liburu honekin fantasiaren munduan murgilduko gara. Eta bestetik, Matxinsalto bildumako bost liburu berri. Bertan irakurleek fantasia eta abentura aurkituko dute, baina baita eguneroko bizitzako kontuak ere: lagunen garrantzia, eskola jazarpena edo bullyinga, adiskidetasuna… Naturaren sorreraren inguruko istorioa prosa poetikoan irakurtzeko aukera ere aurkituko duzue Haizeak hitz, hitzak haize titulupean.
Proposamen berriak: irakurleei irakurketaz gozatzen lagunduko dieten liburuak!
Paper Txoriak bilduma Sail Gorria: Tomas eta guraize magikoak
Tomas eta guraize magikoak
Egilea: Ricardo Alcántara
Marrazkilaria: Gusti
Marrazkiak: koloretan
Bilduma: Paper Txoriak Sail Gorria
Adina: 6 urtetik aurrera
Tomas, egurrezko panpinak, benetan atsegin du bere lagunekin egotea; pilotarekin, panpinarekin eta trenarekin. Ia egun osoa elkarrekin pasatzen dute eta etengabe jolasean aritzen dira. Horregatik, horietako bik bidaia bat egitea erabakitzen dutenean, Tomasek gauza beri batzuk ikasi behar ditu.
Matxinsalto: Haizeak hitz, hitzak haize, Euskaldun bat Marten, Bakarnek ez du lagunik, Baloiak arboletan, Momolo.
Haizeak hitz, hitzak haize
Egilea: Antton Kazabon
Marrazkilaria: Jokin Mitxelena
Marrazkiak: koloretan
Bilduma: Matxinsalto
Adina: 8 urtetik aurrera
Ba al dakizue nola sortu ziren lehenengo belartxoak?
Eta lehenengo zuhaitzak? Eta aurren-aurreneko xomorroak?
Eta animalia handiagoak?
Ba al dakizue nondik gatozen?
Nola sortu zen mundua?
Ireki lehenbailehen liburu hau, eta Sorgintxok erantzungo die galdera hauei guztiei.
Hasi ozen irakurtzen, errezitatuz, beste guztiok ere jakin dezagun, haizeak Sorgintxori kontatutako historia harrigarria.
Euskaldun bat Marten
Egilea: Iñaki Zubeldia
Marrazkilaria: Ima Mendiola
Marrazkiak: koloretan
Bilduma: Matxinsalto
Adina: 8 urtetik aurrera
Arratsalde baketsu batean, soinu berezi bat entzun zen Zarauzko Santa Barbara mendian, eta geroxeago argi distiratsu itsugarri bat jaitsi zen ortzitik mendi gainera. Horrelaxe heldu ziren martetarrak Euskal Herrira ovni batean. Euskaldun bat eraman nahi zuten Martera.
Bakarnek ez du lagunik
Egilea: Seve Calleja
Marrazkilaria: Aranzazu Calleja
Itzulpena: J. Ormazabal
Marrazkiak: koloretan
Bilduma: Matxinsalto
Adina: 8 urtetik aurrera
Bakarnek ia denetarik dauka: gela bat berarentzat bakarrik, aita, ama, bi amona, hiru izeba, Edurne izeneko andereñoa… Baina ez hori bakarrik: bizikleta, irristailua, MP4a eta ikaragarri maite duen eta zaunkarik egiten ez duen Laika izeneko txakur bat ere badauzka. Hala ere, udako oporrak heltzen direnean oso bakarrik sentitzen da. Zergatik ote?
Baloiak arboletan
Egilea: Yoseba Peña
Marrazkilaria: Alai Zubimendi
Marrazkiak: koloretan
Bilduma: Matxinsalto
Adina: 8 urtetik aurrera
Zergatik dago eskolako ate beltza beti itxita? Bai, bai, idazkaritza aurrean dagoena. Behin Jonek irekita ikusi zuen eta, haren atzean, eskailera batzuk aurkitu zituen. Eskailerak jaisten ari zela, irristatu, erori eta baso berezi batean amaitu zuen. Baso hartako arbolen adarretan baloiak zeuden zintzilik! Jonek, bertan, Potzol dragoia eta Bittor adarbakarra ezagutu zituen. Zaldun Moreak, ordea, hirurak bahitu zituen. Eta, mesedez, ez galdetu Zaldun Morea nor den, maltzur horren izena aipatzeak ere beldurra ematen dit eta.
Momolo
Egilea: Antton Kazabon
Marrazkilaria: Andoni Odriozola
Marrazkiak: bi / lau koloretan
Bilduma: Matxinsalto
Adina: 8 urtetik aurrera
Kontuz, irakurle! Ipuin hau ez dugu idatzi zuri ideia bihurriak emateko, gero. Ez horixe!
Beraz, zuk ez egin horrelakorik, oso, oso, oso beharrezkoa ez bada, behintzat.
Ez galdu 10-12 urte bitarteko irakurleentzako gure nobedadeak!