Miranda eta Tatoren gakoak, egileek kontatuta

11-04-2023

Miranda eta Tato bilduma dagoeneko eskuragarri dago Ta-tum liburutegian! Eta, ospatzeko, bildumaren hiru (bai, hiru!) egileekin hitz egin dugu: Itziar eta Jorge Miranda anai-arrebak eta Nacho Rubio. Umore handiz, eta hainbat formatutan, hiru ahotseko elkarrizketa honetan bildumaren sekretuak aletu dizkigute. Sei liburu hauetan Miranda eta Tato anai-arreben abenturak kontatzen dizkigute. Inguruan dituzten bidegabekeriei aurre egin nahi diete Mirandak eta Tatok, eta horretan ari direla, ia ohargabean, 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuak ezagutuko dituzte.   

 

Miranda eta Tato bilduma sei liburuz osatuta dago, bi anai-arrebaren fikziozko abenturak kontatzen dituzte, eta haiei esker, 10 urtetik aurrerako irakurleek Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) zer diren ezagutuko dute. Nola sortu zen ideia interesgarri hori?

Galdera honi Itziarrek erantzungo dio bideo formatuan, berotzen hasteko!

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Zuen ustez, eleberriak bitarteko ona al dira adin txikikoekin horren gai garrantzitsuez hitz egiteko?

Jorge Miranda: Noski. Eta ez eleberriak bakarrik: edozein bitarteko da baliozkoa gai garrantzitsuez hitz egiteko. Ikastetxetik hasi, eta nerabeaurreek ikus ditzaketen Twitch kanaletara. Gaur egungo umeak beste edozein belaunaldi baino kontzientziatuago daude bilduman aipatzen ditugun gaurkotasunezko gai askotan, hala nola klima aldaketa, generoaren berdintasuna edo sexu aniztasuna. Gai horiei buruz egunerokotasunaren baitan eztabaidatzen delako gertatzen da hori, edozein komunikazio motatan zeharkakoak direlako. 

 

Zein dira ume bat aspertu gabe kontzientziatu ahal izango duen fikzioa sortzeko gakoak?

Nacho Rubio: Miranda anai-arrebek esperientzia zabala zuten Miranda bildumako biografiekin informazio asko ematen, eta aldi berean entretenigarriak izaten. Hizkuntza aberatsa eta, aldi berean, haurrengandik hurbil zegoena, oihartzun handia ematen zieten erreferenteak eta umorea zituzten tresnarik onenetako batzuk. Itziarrekin eta Jorgerekin lanean hasi nintzenean, istorioak ahalik eta gehien egitura klasiko batekin (planteamendua, korapiloa eta amaiera) eta, batez ere, gatazka handiarekin kontatzea izan zen nire ahalegina, gatazka baita istorio onen erregaia! Gure editoreak esan digu oso melodramatikoak garela eta ez zaio arrazoirik falta. Gainera, azalpen-pilulen laguntza genuen; informazioa zabaltzeko edo sakontzeko aukera ematen digute, bilbearen garapena eten beharrik izan gabe. 

 

Bildumako liburu bakoitzak GIH ugari lantzen ditu. Nolakoa izan da istorioak eraikitzeko prozesua? GIH bat aukeratzen duzue eta, hortik abiatuta, istorioa eraikitzen duzue, edo alderantziz: argudioa planteatzen duzue eta GIHak lotzen dizkiozue?

Itziar Miranda: GIH guztiak elkarren artean erlazionatuta daude, beraz, 17ak sei liburuen artean banatu ditugu. Lehenak pobreziari buruz hitz egiten du; bigarrenak, hezkuntzari eta berdintasunari buruz; hirugarrenak, hustutako Espainiari eta hiri jasangarriei buruz; laugarrenak, osasunari, ur garbiari eta saneamenduei buruz; bosgarrenak, iraunkortasunari eta klimaren aldeko ekintzari buruz; eta seigarrenak, bakeari eta aliantzei buruz. Liburu bakoitzak bere tramak eta abenturak ditu, baina haurrei aurrekoaren arrastoa geratzen zaie.

 

Zer zailtasun topatu dituzue sozialki konprometitutako fikzioa sortzeko?

Jorge: Gai guztiei buruz hitz egiteko eta iritzia emateko erabat libre izan gara; puntu horretan ez gara ezertarako autozentsuratu. Zailena, beharbada, jakinaren gainean hitz egitea izan da, GIH bakoitzari buruz asko sakonduz. Zorionez, María José Manjónen eta Daniel Ponsen aholkularitza izan dugu, gaian aditu handiak baitira. 

 

Hizkuntza deigarria da. 9 eta 11 urteko benetako umeena dirudi! Nolakoa izan da haien larruan jartzeko prozesua? Gertuko erreferenteak zenituzten?

Nacho: A ze ikerketa lana egin dugun! Izan ere, noski, gu nahiko zaharrunoak gara eta gure esamoldeak laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkada ingurukoak dira, «al loro», «efectiviwonder» eta «lo llevas clarinete». Eta Miranda atsotitz klasiko zalea bada ere, horrela ez ginen gazteengana iritsiko. Beraz, Jorgek batez ere Twitch, Youtube eta TikTok orduak eta orduak kontsumitu behar izan zituen gazteen hizkuntza sakon ezagutzeko. Bestalde, bilketaren orduan gure alaben eskolako patioan belarria jartzeaz gain, lagunen ilobekin eta seme-alabekin galdetu eta probatu dugu egunean egoteko, bro, eta uste dut esan dezakegula epic fail delakoa saihestu dugula.

 

Zenbat autobiografia dago bilduman? 

Itziar: Asko dago! Pertsonaia batzuk egoera horietatik pasatzen ari ziren lagun eta ezagunetan inspiratuta daude.  

 

Miranda bildumako egilekideak zarete. Emakume aparten biografiei eskainia dago bilduma eta horiek ere Ta-tum Liburutegian eskuragarri daude. Ba al dago harremanik bi bildumen artean? Gure ustez, protagonista hazi egiten da eta anaiak protagonismoa irabazten du istorioetan… 

Jorge: Hori da. Miranda hazi egin da, adinean eta altueran ez ezik, baita inguratzen duen munduarekiko kontzientziazioan ere, inguruan bizi diren desberdintasunetan. Esan dezagun aurreko bilduman iraganari buruzko jakin-mina zuela; eta orain, jakin-min hori orainari eta, batez ere, etorkizunari begira jarri da. Tato aurreko bilduman ere bazegoen, baina ia antzeztaldeko pertsonaia bat bezala. Liburu hauetan, protagonismoa Mirandarekin partekatzen du. Tato arreba nagusiaren kontrapuntu perfektua da: Mirandak espiritu kritikoagoa eta aztertzeko gaitasun handiagoa duen bitartean, Tato oldarkorragoa da eta ez du bere burua hain serio hartzen. 

 

Nabari da Miranda eta Tato maitasun handiz sortutako bilduma dela! Hirurak egilekideak zarete, baita familia ere. Nolakoa izan da sei eskutara lan egitearen esperientzia? Beti ados zeundeten argumentuaren garapenarekin? Seguru ezetz!

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Eta orain galdera pertsonal bat bildumako protagonistei gertatzen zaien bezala, txikitan ere gauzak aldatzen saiatzen al zineten?

Itziar: Pixka bat bai, baina ez ginen hain kontziente desberdintasunez eta egin genezakeen guztiaz. Hain arazo globala zenez, irtenbide globalak behar zituela uste genuen. Baina orain badakigu gure erabaki indibidualek aldaketa eragiten dutela. 

 

Liburuzale amorratuak al zineten? Liburu edo mota jakin batekoa?

Jorge: Gure gurasoek beti sustatu digute irakurzaletasuna. Haurtzaroko gure etxean pentsatzen badut, burura datorkidan lehenengo gauza liburuz betetako apalategiak dira. Hala ere, esan behar dut inoiz ez gaituztela irakurtzeko presionatu, eta hori garrantzitsua iruditzen zait; izan ere, haur bat irakurtzera behartzen baduzu, baliteke gorrotatzea. Liburuak hor zeuden, aisialdi mota bat gehiago ziren. Niri txikitan Asterix eta Tintin gustatzen zitzaizkidan. Komikiak buruz nekizkien ia! Orain nire semeari irakurtzen ari natzaio eta, zenbait kontutan gaizki zahartu badira ere, konturatzen ari naiz sakonean uste baino geruza gehiago dituztela. Entziklopediak ere asko gustatzen zitzaizkidan! Liburuki bat aukeratzen nuen ausaz, edozein orritatik irekitzen nuen eta herrialde edo pertsonaia historikoren baten bitxikeriak aurkitzen nituen. Gero nire familiari kontatzen nion aurkikuntza handi bat egin izan banu bezala!

Bildumako liburuen formatua berez istorio bat delako galdetzen genizuen. Narrazio-estilo desberdinak konbinatzen dituzte: komikia, antzerki-elkarrizketak, egunkaria, txata, elkarrizketa eta hitzaurrea, hausnarketa gisa. Gainera, narratzaileak txandakatzen dira, eta anai-arreba bakoitzak kapitulu bat kontatzen du. Zergatik aukeratu zenuten formatu hori? 

Nacho: Egia esan, saiakuntza-akats nahasketa bat izan zen, eta gustatzen zitzaigun guztia jartzea, eta funtzionatuko zuela apustu egitea. Tatori ere ahots propioa eman nahi geniolako izan zen, seguru asko, guztia; horretan ados geunden hiru egileak eta gure editoreak. Beraz, esperimentatzen hasi ginen! Kapituluetan ahotsak txandakatzea izan zen aukerarik argiena, baina, agian, Itziar eta biok aktoreak garelako, berehala antzerki elkarrizketa bat sortu zitzaigun aurkezpenean, bi ahotsak hasieratik bereizteko oso ondo zetorkiguna. Bestalde, komikia ikus-entzunezko hizkuntzatik hurbilen dagoena ere bada, sartu nahi genuen, eta iruditu zitzaigun ondo zetorrela pixka bat freskatzeko eta inflexio-puntu garrantzitsuak zituzten kapituluak nabarmentzeko. Opari erantsi gisa, Ángeles Ruiz gure ilustratzailearen talentutzar guztia zukutzeko balio izan zigun, fardel horrekin topo egin baitzuen, baina oso emaitza ona eman zuen! 

 

Ángeles ere elkarrizketatu dugu. Nola izan da harekin lan egitea eta zer uste duzue ematen dietela haren ilustrazioek liburuei? 

Itziar: Ángeles kolorearen eta ekintzaren jeinua da. Haren ilustrazioek istorioari lagundu eta istorioa bera osatzen dute. Dantzarako bikotekide ezin hobea da! 

 

Zergatik gomendatuko zeniekete irakasleei Miranda eta Tato bilduma ikasleek gelan edo etxean irakur dezaten?

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Badakigu galdera hori oso zaila dela, baina irakasleei sei tituluetako batetik hastea gomendatu beharko bazeniete, zein izango litzateke?

Nacho: Liburuak edozein ordenatan irakur daitezke, baina egokiena lehenengoa irakurtzen hastea dela uste dugu, Chaval, qué haces con mi camiseta?, pertsonaia nagusien deskribapen zabalagoa egiten baitu. Era berean, onena seigarrenarekin amaitzea da, The ultimate segundo, hasierako egituran aldaketa txiki bat egiten duena, bildumarekin ohituta dauden irakurleak harritu nahi dituena. 

 

Zer gustatuko litzaizueke irakurle gazteek oroitzea zuen bildumatik? 

Itziar: Gustatuko litzaiguke ipuinek barrenak astintzea eta, hortik aurrera, konpromisoa hartzea. Agian ezin dugu mundua aldatu, baina bai bizitzea tokatu zaigun zatia. Ea lortzen dugun irakurle gazteak – eta ez hain gazteak – sentsibilizatzea, jakitun izan daitezen denok izan behar dugula aldaketaren eragile, mundu jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan nahi badugu. 

 

Eta, amaitzeko, atera dezagun kristalezko bola. Zuen ustez, bilduma honek lagunduko digu 2030erako etxeko lanak eginda iristen? 

Jorge: Nahiago nuke hala balitz! Gai horiek gobernuen eta enpresa aberats eta boteretsuenen kontua baino ez direla pentsatzeko joera dago – neurri batean, egia da, munduko desberdintasunen erantzule nagusiak baitira –. Baina ezin dugu gutxietsi herritar gisa dugun boterea. Gu gara mundua mugitzen dugunak! Ziur nago, oraingo haurren belaunaldiak Garapen Iraunkorreko Helburuei nola aurre egin argi badu, urrunera iritsi ahal izango genukeela!

 

Hala izatea espero dugu! Eskerrik asko zuen denborarengatik eta komentarioengatik!