Matxinsalto, Gaztetxo! eta Oriol bildumak berrikuntzaz beterik datoz!

12-02-2023

8 eta 12 urte bitarteko irakurleentzat ere hainbat kontakizun berri aurkituko dituzu. Artea, kirola, musika, abenturak, sentimenduak… Zeren zain zaude horietan murgiltzeko eta sekulako emozio zaparrada batez bustitzeko?

 

MATXINSALTO BILDUMA BERRIZTATUTA AURKEZTU NAHI DIZUGU

Matxinsalto 8-10 urte bitarteko irakurleentzat: 3 liburu berri abenturez eta emozioez gozatzeko!

Galtzagorriak dabiltza etxean

Egilea: Xabier Olaso
Marrazkilaria: Manu Ortega
Adina: 8 urtetik aurrera
Marrazkiak: koloretan

Ordu txikitan idazten ari zela, lo seko gelditu zen Xabier. Ahots batzuek esnatu zuten bat-batean. Begiak ireki, eta galtzagorri batzuk ikusi zituen ingurumarian. Lau ziren guztira, bihurriak eta jostariak. Langile prestuak ere baziren, eta buru-belarri lagundu zioten Xabierri. Hauxe duzue beraien kontakizuna, guztiz dibertigarria. 

 

Tximeletak eta gozokiak

Egilea: Nahikari Gabilondo
Marrazkilaria: Maitane Bautista
Adina: 8 urtetik aurrera
Marrazkiak: koloretan

Bero egiten du, baina Kimuk nahiago du tximeleten atzetik korrika eta haiekin jolasean ibili lagunekin uretara sartu baino. Iseka egiten diote lagunek, baina berdin dio; Kimuk ez du haien beharrik, aski baitu tximeletekin.

Mattin ez da tximeleten atzetik ibiltzen, baina bai barraskiloen atzetik. Badaki euria egin ondoren ezkutalekuetatik irteten direla barraskiloak. Eta zain egoten da; euriaren osteko eguzkiaren zain. Eguzkia maite baitu, eta gozokiak; aitonak ematen dizkion gozokiak. Tximeletak eta gozokiak. Gozokiak eta tximeletak. Kendu bilgarria gozokiari, eta utzi tximeletei hegan egiten.

Ezagutu nahi duzue?

 

Koloretako ipuinak

Egilea: Antton Irusta
Marrazkilaria: Enrique Morente
Adina: 8 urtetik aurrera
Marrazkiak: koloretan

Liburutxo honetan agertzen diren ipuin hauek bost kontinenteetako herri kontakizunak dira, gau arte iraun dutenak. Mundua ipuinez osatuta dago. Pertsonak eta gauza guztiek kontatzeko istorioak dituzte. Ipuin batzuetara kontalarien bidez heltzen gara, eta hauek, gaur egun, kontu kontari ari dira galdu ez daitezen. Espero dut, irakurle, ipuin hauek zure gogokoak izatea, eta irakurritakoan, zure munduaren parte izatea.

recurso_separadorestrella_tatum

GAZTETXO! ETA ORIOL ARLOTE BILDUMAK

10-12 urte bitarteko irakurleentzat proposamen berriak: irakurleei irakurketaz gozatzen lagunduko dieten liburuak!

Kaleko artista

Egilea: Irati Bediaga
Marrazkilaria: Iban Izagirre
Adina: 10 urtetik aurrera
Marrazkiak: zuri beltzez

Paulek kale izkinan ezagutu duen mimo bati lagundu nahi dio artista sentiarazten, aurpegiko kolore zuri-beltz eta sudur gorritik haratago, bizitzak eskaintzen dituen mila koloretara zabaltzen. Helburu horrekin, oparitxoak eskainiko dizkio artistari eta abentura ezberdinetan murgilduko da. Bide horretan, artistari ez ezik, bere buruari ere lagunduko dio: barruko beldurrei aurre egiten, bere buruarengan ziurtasuna irabazten. Azkenerako, bi txori habiatik hegaka, edo agian bi zuhaitz sustraiak indartzen.

 

Txirolo

Egilea: Maribel Aiertza
Marrazkilaria: Manu Ortega
Adina: 10 urtetik aurrera
Marrazkiak: zuri beltzez

Urko ez da etxe normal batean bizi; belaontzi batean bizi da gurasoekin. Pozez hartu zuen aldaketa, oporretan bezala biziko zelakoan beti. Baina eskolako mutil berriak, Aitzol harroputzak, zerbait jakin zuenean, iseka eta irain gerra gordina hasi zuen haren aurka. Denetik egin zion izorratzeko! Ezizen itsusi bat ere jarri zion: Txirolo. Eta horrek bai ematen ziola min. Urkok skatearen gainean grindatzen eta jauzika ahazten zituen penak eta minak. Probintziako skater onena zen eta Aitzol eta haren lagunen jazarpenen gainetik nazioarteko lehiaketa irabaztea lortu zuen. Sariaren poza mikaztu zioten, halere. Eta zer egin zuen Urkok? Berak ere ezagutzen zuen Aitzolen familia sekretu bat; irainka eta mundu guztiari esaten hasiko zen?

 

Jokoz kanpo! (Oriol arlote)

Egilea: Eva Santana
Marrazkilaria: Jaume Bosch
Itzultzailea: Maialen Garagarza
Adina: 10 urtetik aurrera
Marrazkiak: zuri beltzez

Gure ikasgelaren historian lehenbiziko aldiz, gu baino zaharragoak garaitu genituen futbolean. Ez nekien oso ondo zer gertatzen zen, baina, bat-batean, ikaskide guztiak jauzika eta oihuka ikusi nituen nigana etortzen. Neskek gainera salto egin eta musu eman zidaten. «Aupa! AUPA! ONENA ZARA!!!», oihukatzen zuten. Lisek ere musu eta besarkada bana eman zizkidan, eta ikaskideek bizkarrean hartu eta jolastoki osotik eraman ninduten, oihu artean: «PIN, PAN, PUN, BELARRILUZE TXAPELDUN!»

 

Paradisu itsasontzia (Oriol arlote)

Egilea: Eva Santana
Marrazkilaria: Jaume Bosch
Itzultzailea: Maialen Garagarza
Adina: 10 urtetik aurrera
Marrazkiak: zuri beltzez

Amak itsas bidaia bat irabazi du gure familiaren osasuna arriskuan jarri ostean: oso zaila da eskabetxeko berberetxoen patearen 500 etiketa biltzea, baina are meritu handiagoa du hori jateak, benetan! Eta amak dioenez ez dela janaririk bota behar… Ozta-ozta atera gara bizirik, eta, ospatzeko, Paradisu itsasontzian bidaia bat egingo dugu. Luxuzko sei egun, DENA BARNE! Guztia prest dugu… … AMETSEZKO ITSAS BIDAIARA JOATEKO!!!