Lola Núñez eta Rocío Antón: nola jaio zen Sherlock Tópez lau eskuren artean?

25-03-2022

Lola Núñez eta Rocío Antón idazleak, irakasleak eta hezitzaileak dira. Gainera, lagunak dira eta asko gustatzen zaie elkarrekin lan egitea. Elkarlan emankor horretatik hainbat pertsonaia jaio dira, hala nola Sherlock Tópez, animalien arteko bizikidetza baketsua mantentze aldera kasu misteriotsuak argitzen dituen sator detektibe txikia. Haiekin hitz egin dugu, zer lan prozesu jarraitzen duten sakonago ezagutzeko. Eta Los casos de Sherlock Tópez aurkeztu digute, lehen irakurleentzako bilduma, letra lotua eta piktogramak dituena. Dagoeneko eskuragarri dago Ta-Tumen Liburutegian, haien beste lan batekin batera: Cuentos del viejo roble.

 

 

Nola definituko zenituzkete Sherlock Tópezen kasuak, ezagutzen ez dituzten horientzat?

Liburu bilduma honetan adiskidetasuna, jakin-mina eta naturaren zaintza dira funtsezko ardatzak. Fantasiaz eta umorez beteta daude abenturak, eta ingurune naturalari buruzko informazioa eta datu errealak tartekatzen dituzte. Gainera, Sherlock Tópezi ikaragarri gustatzen zaio irakurtzea, eta adibide bikaina da gazte irakurleak interesez eta jakin-minez gertura daitezen liburuetara. Horien bidez, gozatu eta informazioa eskura dezakete. 

Istorioak proposatzean, horietako bakoitzak umorea eta sorpresa izatea interesatzen zitzaigun. Esploratzera, elkarrekin bizitzera eta ingurunearekin arduratsuak izatera animatzen ditu haurrak Tópezek.

Nola jaio zen pertsonaia atsegin hau?

Biok irakasleak gara ikasketaz, eta hezitzaileak bokazioz eta lanbidez. Gure liburu guztietan bizitzarako balioak eta ikaskuntzak txertatzen ditugu, modu naturalean. Kasu honetan, ikerlarien eta naturaren zaintzaren gaiak landu nahi genituen.

Irakurleekin emozionalki konektatuko zuen protagonista baten bila genbiltzan. Bat-batean, Sherlock Holmesen izena agertu zen, eta segituan Sherlock Tópez etorri zitzaigun burura; sator ikerlari bat, apur bat itsua, haurren mundutik oso gertu dagoena eta ikerlari tradizionalen estereotipoetatik asko aldentzen dena. Hala hasi ginen pertsonaia hau eraikitzen, maitagarria, kuxkuxeroa eta oso-oso azkarra.

Batera idatzi ohi duzue eta bilduma hau bion artean sortu duzue. Nolakoa da zeregina praktikan? 

Sarri galdetzen digute hori eta, erantzuten saiatzen garen arren, ez dakigu gure azalpena argi geratzen den. Idazten dugunean elkarrekin egoten gara beti, ez dugu lana banatzen eta idazketa arina da. Asko hitz egiten dugu, asko zuzentzen dugu, buelta pila bat ematen dizkiegu testuei eta gozatu egiten dugu gure irakurleentzako istorioak sortzen. Era berean, gure pertsonaiekin batera barre egiten dugu, beldurtu egiten gara edo kezkatu egiten gara. Elkarrekin idaztea emozioen eztanda bat da.

Haur literaturari buruz ditugun ideiak oso antzekoak dira eta erraza eta dibertigarria egiten zaigu lan prozesua. Beti pentsatu izan dugu lau eskuren artean idazteak aberastu egiten dituela gure lanak.

Zer abantaila eta desabantaila ditu elkarrekin idazteak?

Beti sentitu izan dugu horrelako idatzi bat askoz ere «biribilagoa» dela banakako lan bat baino, baina bereizita ere idazten dugu. Istorioaren ikuspuntu guztiak ikusten laguntzen digu ikuspegi bikoitzak eta, ondorioz, gure testuek ñabardura askoz gehiago dituzte.

Desabantailei dagokienez, esan genezake elkarrekin fisikoki gehiagotan lan egin ezin izatea dela txarrena, baina azkenaldian teknologiari esker konpontzen dugu hori.

 

Sherlock Tópezen izenburu bakoitzak misterio bilakatzen ditu animalien gaitasun handiak. Txikienek liburu hauekin ikasiko dituzten bitxikerien pare bat adibide eman ditzakezue?

Bilduma honetako liburu guztietan txertatu dugu animalien eta ingurunearen gaineko informazioa. Urteko urtaro ezberdinetan girotu ditugu istorioak, une horietako naturaren datu bitxiak kontatzeko: hartzen hibernazioa, igelaren jaiotza eta metamorfosia, kukuen arrautza «arrotzak» beste txori batzuen habietan… Eta horrela liburu guztietan. Gainera, istorio bakoitzaren amaieran orrialde bat gehitu dugu Sherlock Tópezekin abentura partekatu duen animaliari buruzko informazio gehiagorekin.

 

Naturako misterioez gain, zer beste balio ikasten dituzte txikiek liburu hauekin?

Bildumak jasotzen dituen funtsezko balioak adiskidetasuna, jakin-mina, eta ingurune naturalarekiko eta aniztasunarekiko errespetua dira. Halaber, irakurtzearen garrantzia azpimarratzen dugu, baita irakurtzeak eta irakurgaiak partekatzeak ematen duten gozamena ere.

 

Badakigu oso zaila dela aukeratzea, baina… baduzue Sherlocken istorio kutunik?

Oso zaila egiten zaigu bakar bat aukeratzea, ziur gaudelako denak direla bereziak arrazoi batengatik edo bestearengatik. Gure irakurleen aurrean gaudenean zein ipuin kontatu erabakitzeko orduan, aintzat hartzen dugu zer haur dauden gure entzuleen artean.

Badakigu ipuinak kontatzea ere gustatzen zaizuela. Zuen ustez, zer eman diezaieke detektibe txikiei Sherlock Tópezen kasuak ikasgelan ahots ozenez irakurtzeak? Eta etxean, familian? 

Biok kontatzen ditugu gure istorioak maiz. Ziur gaude ahots ozenez irakurtzea jarduerarik atseginenetako bat dela heldu zein haurrentzat. Irakurketaren unea, gelan eta etxean, magikoa da, fantasiaz eta intimitatez betea. Afektibitatea protagonista bihurtzen da, eta elementu motibagarri. 

Hezkuntzaren ikuspegitik, badakigu istorioak partekatzea baliagarria dela balioak eta ikaskuntzak helarazteko, eta ereduak eta erantzunak eskaintzen dituzte bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko. Gainera, txikienek irakurtzeko ohitura har dezaten laguntzen dute.

 

Cuentos del viejo roble bildumaren egileak zarete. Bilduma hori ere naturan eta haren sekretuetan inspiratuta dago. Gustuko duzuelako aukeratzen duzue gai hau? Nola dokumentatzen zarete zuen ipuinetan kontatzen dituzuen bitxikeria guztietarako?

Ingurune naturalaren kontserbazioaren gaia hainbat ikuspegitatik lantzen duten liburu asko ditugu. Gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zaigu gai honi arreta jartzea. Gaur egun behar beharrezkoa da natura ezagutzea, hari begiratzea, inguruan dugunaz gozatzea eta behar adina baloratzea.

Espero dugu istorio hauek lagungarriak izatea gure irakurleak heldu sentikor, arduratsu eta aktiboak bilaka daitezen, eta gure planeta hobetzeko zereginean jardun dezaten (ikuspuntu guztietatik).

 

Sherlock sator detektibe txiki bat da eta Ta-Tumek ikerlari bilakatzeko gonbita egiten die txikiei. Nola nahi zenukete erabiltzea zuen liburuak ikasgeletan?

Gure liburuak milaka modutara gozatzeko daude pentsatuta. Irakurleek erabili eta irakurri ahal izatea da ideia, eta bertako testuetan, piktogrametan eta ilustrazioetan dauden milaka xehetasun aurkitzea. Asko gustatuko litzaiguke Sherlock Tópez ikerlari txikien erreferentzia bat izatea, haien jakin-mina erakustera eta asetzera animatuko dituena, ingurunea arakatuz, erantzunak bilatuz eta esperientziak partekatuz.

 

Eta, azkenik: irakasleentzako aholkurik?

Istorio hauek abiapuntu ona izan daitezke ikerketa txikiak, proiektuak edo jolas dramatikoak egiteko. Elementu asko lantzen dituztenez, aprobetxatzeko modu horiek eta askoz gehiago ere izan ditzakete.

 

Hala izatea espero dugu! Lola eta Rocío, eskerrik asko zuen esperientzia partekatzeagatik.