Ezagutu ‘Thilopia’, Mirandaren unibertso ilustratuaren egilea

07-03-2022

Lola Castejón da Thilopia goitizenaren atzean dagoen artista. Izen horrekin sortzen du Mirandaren unibertso estetikoa. Haren eskuetatik sortzen dira pertsonaiak, baina baita biografia bakoitza inguratzen duen giro onirikoa ere. Naturarekiko maitasuna da nagusi orrialdeetan; bertan, txoriek eta loreek historiako emakume bikainen bizitzari omenaldia egiten diotela dirudi.

Gaztelako Joanaren, Jane Goodallen eta Frida Khaloren zirriborroak. Horiek dira Miranda bildumako liburuetako protagonistetako batzuk.

 

Lola, zein izan zen Miranda unibertsoari bizitza emateko zure inspirazio iturria?

Zalantzarik gabe, Itziar Miranda. Duela urte askotik gara lagunak. Berak beti izan zuen argi ipuinen edo biografien bilduma bat idazten amaituko zuela eta ni izango nintzela haiek ilustratuko zituena… Askotan amesten genuen desio zoragarri bat zen hasieran, baina, azkenean, Itziren uste sendoari esker, errealitate bihurtu zen.

Lola Castejón eta Itziar Miranda

 

Ba al dago ilustratzeko bereziki zaila egin zaizun biografiarik?

Egia esan, haietakoren batekin beste batzuekin baino gehiago gozatu dut. Nire gogokoena Hildegarda da, baina ez zait haietako bakar bat ere zaila egin; izan ere, denak dira oso dibertigarriak!

 

Istorioa eskuetan duzunean, nondik hasten zara?

Lehenengo eta behin, azalerako ilustrazioari dagokionez Jorgerekin eta Itziarrekin ados jartzea eta pertsonaiak iradokitzen digun kolorea aukeratzea tokatzen zait. Gero, kolore hori bera erabiltzen dugu xehetasunetan eta lepoan.

 

Oraindik argitaratu ez den zer biografia gustatuko litzaizuke marraztea?

Asko dira! Zaila da aukeratzea! Batzuk Clara Schumann, Gloria Fuertes edo Ada Lovelace izango lirateke.

 

Ba al dago ilustrazioetan ezkutatuta dagoen sekreturik?

Bai; Billien, adibidez, Mirandaren New Yorkeko lehengusu bat, Alan, azaltzen da. Gure seme Alan, New Yorken jaio zena, buruan nuela marraztu nuen. Biografia guztien hasieran azaltzen den partitura pianorako nire konposizio gogokoenetako batekoa da: Träumerei. Emilyren estalkia apaintzen duten letren arten, letra bakar bat ateratzen da maiuskulaz idatzia: «A». Hori ere nire Alan gogokoenaren omenetan! Liburu guztietan dago zerbait.

Alanengan, Lola Castejónen semearengan, inspiratutako ilustrazioa.

 

Ilustratzailea izango ez bazina, zer gustatuko litzaizuke izatea?

Lore saltzailea, naturalista, piano jotzailea…

 

Mirandaren liburuen barrualdean topa dezakegun gauza garrantzitsuena da…

Mezua.

 

Eskerrik asko, Lola!

recurso_separadorestrella_tatum

Lola Castejón Fernández de Gamboak, Thilopiak, Arte Ederren ikasketak egin zituen Madrilen, eta diseinatzaile eta ilustratzaile izateko prestakuntza New Yorken osatu zuen.

New Yorkeko egonaldian, argazkigintzako egile bikainentzako (Annie Leibovitz, Richard Avedon edo Steven Meisel, adibidez) eszenografiak sortzen eta margotzen kolaboratzeko aukera izan zuen Vogue eta Vanity Fair aldizkarietarako, edo moda asteko desfileetan, adibidez.

Gaur egun, Madrilen bizi da eta marka ugarirentzako osagarrien eta bere linearako osagarrien diseinatze lana modako argitalpenetarako, ekitaldietarako eta argitaletxeentzako ilustrazio lanekin bateratzen du.