Ezagutu Antonio Lorente, Ojos de Medianoche bildumako ilustratzailea

25-04-2022

Antonio Lorenteren arkatzen –eta tableta grafikoen– artean sartu gara. Arrakasta handiko liburuen ilustratzailea da; hala nola Peter Pan, Tom Sawyer edo Ana la de Tejas Verdes. Ojos de Medianoche trilogiako irudizko munduaren sortzailea ere bada. Trilogia horretako bi liburu daude eskuragarri ingelesez Ta-tumen eta hirurak gaztelaniaz

Elkarrizketa honetan, Antoniok bere sorkuntza prozesua nolakoa den kontatu eta erakutsi digu, nola lantzen dituen pertsonaiak eta nola eman zion bizia Creyren fantasiazko munduari.

 

Daniel Hernández Chambersek idatzitako bilduma ilustratu duzu. Hura ere elkarrizketatu dugu. Nolakoa izan da harekin lan egitea? 

Lan zoragarria izan zen; izan ere, irudimena gainezka duen trilogia da. Chambersek pertsonaiak eta egoerak xehetasun osoz deskribatzen ditu… Eta horrek beti laguntzen du!

 

Gustatuko litzaiguke jakitea nola sortzen den unibertso ilustratu bat. Nolakoa izan zen Ojos de Medianoche ilustratzeko prozesua? 

Hasteko, trilogia irakurri eta Creyren munduan murgildu nintzen. Gero, pertsonaiak eta istorioan deskribatzen diren xehetasun guztiak zirriborratzen hasi nintzen. Oso prozesu zirraragarria izan zen!

 

Zure ilustrazioen ezaugarrietako bat erretratuak oso begirada pertsonalarekin egitea da. Kasu honetan, norengan edo zertan inspiratu zara pertsonaiak sortzeko? 

Ojos de Medianoche trilogian, pertsonaia guztiak nire iruditeriatik sortu ziren. Egia da normalean nire inguruko pertsonak erabiltzen ditudala nire album ilustratuetarako, baina Creyren kasuan Chambersen deskribapenari zintzo jarraitu nion hura sortzeko. 

 

Nolakoa da zure sorkuntza prozesua? Lehenengo zirriborroak arkatzez marraztu eta gero digitalizatzen dituzu?

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, erakutsi egingo dizuet!

 

Eta orain, zure lanari buruz gehiago dakigunez, jakin nahi genuke zer gozatu duzun gehien eta zer gertatu zaizun zailen bilduma hau ilustratzean.

Agian harritu egingo zaituzte, baina azalekin gozatu dut gehien. Trilogian garrantzitsua da pertsonaia hazten doala konturatzea, eta hori abentura berri bakoitzean ikusi behar zen. Arretaz begiratuz gero, ohartuko zarete lehen liburuko erretratuaren samurtasuna hurrengoetan gogortuz doala; izan ere, Crey helduagoa eta adoretsuagoa ikus dezakegu.

Baduzu gogokoen duzun ilustrazioren bat? Ba al da irakurleak bereziki gelditzea nahiko zenukeenik? 

Liburu bakoitzaren hasieran dauden orrialde bikoitzak asko gustatzen zaizkit. Zirriborro moduan arkatzez egindako zirrimarrak dira. Asko gustatzen zait estetika hori…

 

Zer gustatuko litzaizuke pentsatzea irakurle gazteek lehen aldiz Ojos de Medianoche trilogiako liburu bat zabaltzean?

Uste dut ume askoren bizitza markatuko duela. Abenturaz eta magiaz betetako istorioa da. Ziur irakurleen bihotzetan iltzatuko dela.

 

Eta orain, zu hobeto ezagutzeko galdera batzuk egingo dizkizugu:

Ilustratzailea izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?

Ziur naiz sorkuntzarekin eta diseinuarekin lotutako lanbidea izango nukeela. Ez dakit esaten zehazki zer… baina artearekin lotutako zerbait, ziur.

 

Ojos de Medianochez aparte, zuk haien adinean irakurritako zer liburu gomendatuko zenieke irakurleei? 

Ez dut zalantzarik! Michael Enderen Istorio amaigabea. Nire haurtzaroko liburua da, eta espero dut, Ojos de Medianocherekin batera, ume askorena izatea.

 

Zer gomendatuko zenieke ilustrazioaren munduak erakartzen dituen gazteei?

Prestakuntza oso garrantzitsua dela esango nieke. Eta lan egiteko modua ere bai. Lan asko egitea eta batez ere maitasunez… Maitasun handia lerro bakoitzean! Haien ametsak lortzera animatuko nituzke.

 

Eta azkenik, elkarrizketari amaiera emateko, azken ezusteko bat oparituko diguzu?

Bai, noski. Elkarrizketari amaiera emateko eta nire estudioan murgil zaitezten, Ana de las Tejas Verdes liburuko pertsonaia sortzeko nire lan prozesu digitala nolakoa den erakutsiko dizuet. Gustatzea espero dut!

 

Zoragarria! Eskerrik asko gurekin partekatzeagatik.