Bildumako istorioak: elkarrizketa Itziar eta Jorge Mirandarekin.

07-03-2022

Jorge eta Itziar anai-arrebak dira, baina baita istorioen konplizeak ere. Elkarrekin korapilatzen dituzte Mirandaren, liburuetako protagonistaren, gorabeherak. Mirandaren jakin-nahiari esker, orrialdeak beste kontakizun batean barneratzeko irekiko dira gure aurrean: munduaren inguruko gure begirada aldatzeko gai den emakume baten inguruko biografia. Mirandaren liburuetan, gai guztietarako tokia dago: musika, zientzia, artea, kirola, kultura… Marie Curie, Billie Holiday, Hedy Lamarr, Jane Goodall, Frida Khalo… Liburu guztietan topatuko ditugu abentura eta ausardia. Bilduma honen bidez, Itziarrek eta Jorgek emakume ospetsu horiei gizateriaren historian dagokien tokia itzuli diete. Orain, Miranda bilduma Ta-tumen liburutegian dago. Zeren zain zaude ikasgelan irakurketa horiez gozatzeko? Jarraian, egileek emakume haiei buruzko beste xehetasun batzuk emango dizkigute.

 

Nola sortu zen liburu hauek egitearen ideia?

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Duela urte batzuk, historian ahaztuta geratu ziren aparteko emakumeei buruzko ipuinen bilduma idaztea erabaki genuen Jorgek eta biok; azken batean, guztiak geratu baitira ahaztuta. Misio zirraragarria genuen aurrean: neskatilei (eta mutikoei) orain arte kendu dizkiegun emakumezko heroiak itzultzea.

 

Zer zati du autobiografikoa Miranda unibertsoak? 

Miranda gure alter egoa da. Oso ezberdinak diren, baina haurtzaroa elkarrekin emandako bi anai-arreben ahotsa da. Mirandak Jorgeren ahots bihurria eta nahiko beltza den umorea ditu, baina baita Itziarren zati ameslariagoa eta erromantikoagoa ere. Baina, pertsonaiari esker, askotan, rolak alda ditzakegu: Itziar bihurriago bihurtzen da eta, aldiz, Jorgek bere alderdi eztia ateratzen du. Gainera, bildumako gainerako pertsonaiak ere gure lagun eta senideetan inspiratuta daude.

Elkarrekin, Mirandaren, bildumako protagonistaren, nortasuna osatu dute.

 

Kontatzea merezi duten istorio ugari daude… nola aukeratzen dituzue liburu bakoitzerako biografiak?

Haien inguruan idaztea gustatuko litzaigukeen emakumeen zerrenda luzea da. Ondorioz, beti izaten da buru-haustea norekin jarraitu nahi dugun erabakitzea. Aukeratutako emakumeak herrialde eta garai ezberdinetan bizi izandakoak izan daitezen saiatzen gara, bilduma edukiari dagokionez aberatsagoa izan dadin. Bizi izandako testuingurua eta historian aipagarri izateko eraitsi behar izan zituzten oztopoak ulertzea interesatzen zaigu.

Gaztelako Joanaren, Jane Goodallen eta Frida Khaloren zirriborroak. Horiek dira Miranda bildumako liburuetako protagonistetako batzuk.

 

Orain arte landutakoen artean, zein izan da zuengan zirrara sakonena eragin duen biografia? Ba al duzue pertsonaia gogokoenik? Zein? Zergatik?

Itziar: Bi emakume ditut bereziki gustuko: Hildegarda eta Hedy Lamarr. Lehenengoari dagokionez, ulertezina iruditzen zait gaur egun ikastetxeetan ez lantzea eta erreferentea ez izatea. Hedyri dagokionez, aldiz, izan zuen bizitzak liluratzen nau: norekin ezkondu zen, nola ihes egin behar izan zuen, egin zituen filmak eta sortu zituen asmakizunak (eta zerk bultzatu zuen horiek sortzera). Nor bizi daiteke gaur egun WiFi-rik edo GPSrik gabe!

Jorge: Egia esan, izugarri ikasi dut gure liburuetan azaltzen diren emakume guztien inguruan eta asko kostatzen zait aukeratzea. Baina bi bakarrik aukeratu beharko banitu, Marie Curie eta Jane Goodall lirateke. Lehenengo horren inguruan, beti pentsatu izan dut: zenbat emakume zientzialari bikain galduko zituzkeen gizateriak existitu izan ez balitz? Eta, Jane Goodalli dagokionez, aldiz, uneotan itsasargi modukoa dela uste dut. Niretzat, mundu hobea lortu nahi duten neska-mutilentzako ingurumen arloko erreferente handiena da

 

Nola nahi zenukete erabiltzea liburu hauek ikasgeletan?

Please accept statistics, marketing cookies to watch this video.

 

Biografiekin, ikasleak eta irakasleak idazteko garaian gu hunkitu garen bezainbeste hunkitzea nahiko genuke. Bilduma hau historian zehar garrantzitsuak izan diren eta, era batera edo bestera, isilarazi egin dituzten emakumeen inguruan gehiago ikertzera bultzatzeko neska-mutilen artean jakin-mina piztuko duen icebergaren punta bakarrik izango dela espero dugu.

recurso_separadorestrella_tatum

Jorge Mirandak Artearen Historia, Arte Dramatikoa eta arte martzialak ikasi zituen. Judoko gerriko marroia soinean duela, haurra izateari uztearen aurka borroka egiten du. Orain harriak saltzen ditu, baina harribitxiak. Asko gustatzen zaizkio hortxata eta sobrasada. Idaztea da bere erokeriak errealitate bihurtzen dituena. Itziarrekin batera, arrakasta handia lortu duen Miranda bildumaren egilea da.

Itziar Mirandak Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen. Amar es para siempre telesailari esker oso ezaguna den arren (Manolita pertsonaiaren rola egiten du), film askotan egin du lan eta ezinezkoa da agertokitik aldentzea. Gainera, emakumeek musikan duten rolarekin konprometituta dagoen musika klasikoko nazioarteko jaialdiaren, FIP Tocando el cielo izenekoaren, enbaxadorea da. Denbora librea duenean biolontxeloa jotzen ikasten du, eta alboko itzulipurdia egitea du amets. Ez da oso abeslari ona, baina bai oso irribarretsua.

Txiki-txikitatik, liburuetan galdu egiten ziren biak eta haietako protagonista bihurtu nahi izaten zuten. Miranda da bi anai-arreba horien ahots ameslaria eta jostaria.

Miranda bildumaz gain, Jorgek eta Itziarrek Miranda y Tato bilduma idatzi dute Nacho Rubiorekin batera. Bertan, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) eta NBEren 2030eko Agendarekin sozialki konprometituta dauden fikziozko istorioak kontatzen dituzte. Bilduma hori ere argitaratu du Edelvivesek.