Daniel Hernández Chambers Ojos de Medianoche unibertso zoragarriaren egilea elkarrizketatu dugu

25-04-2022

Txikitatik, Daniel Hernández Chambersek bazekien istorioak kontatu nahi zituela eta, orain, handituta, idazle ezaguna da, eta egungo haur eta gazte literaturaren egile nabarmenetako bat. Ojos de Medianoche unibertsoaren sortzailea da. Bertako balio nagusiak laguntasuna, ororen gainetik, eta maitasuna dira. Fantasy trilogia zirraragarri honetako bi liburu daude eskuragarri Ta-tumen ingelesez eta orain osorik goza dezakezu gaztelaniaz. Elkarrizketa honetan, bilduma aurkeztu digu, inspirazioa nondik datorkion kontatu digu eta sorkuntza prozesuko gakoak –oso bereziak– azaldu dizkigu. 

 

Zertan inspiratzen zara fantasy gerlari, sorgin, erraldoi eta iratxoen istorio hauek sortzeko? 

Inspirazioa misterioa da! Agerikoa da egiten dugun, irakurtzen dugun, ikusten dugun edo esperimentatzen dugun orok duela gugan eragina. Nire kasuan, eragin horrek istorio berriak sorrarazten dizkit. Pentsatzen dut ez nukeela Ojos de Medianoche idatziko umetan, adibidez, Hobbita edo antzeko gaiak dituzten beste hainbat liburu irakurri ez banitu.

 

Fantasy liburu edo jokoen zalea zara?

Generoko idazlea ez naizen bezalaxe, ez naiz generoko irakurlea ere; alderantziz esango nuke gainera. Ia edozein irakurketarekin gozatzen dut, baita genero ugaritako istorioak idaztean ere: fantasia, trilogia honetan bezala, adibidez, errealismoa, misterioa, umorea… Magiak eta ezpatekin egindako borrokek badute bereziki erakartzen nauen zerbait, hori bai. Eta jolasei dagokienez, arraro samarra naizela aitortu behar dut: ez dira niretzat!

 

Fikziozko liburu bat idazteko garaian, unibertso bat irudikatu behar da, pertsonaiak diseinatu, dokumentatu eta ikertu, korapiloa asmatu… Nolakoa da zure sorkuntza prozesua?

Nire sorkuntza prozesua izendatzeko hitz bakarra datorkit: penagarria. Idazle bakoitzak bere metodoa garatzen du urteetan zehar, ez dago metodo bakar bat, ezta hurrik eman ere. Beste bat arrakastara eraman duten metodoak ere ez digu zertan balio.

Duela urte batzuk, idazlearen dekalogo deiturikoen bilduma egiten aritu nintzen –idazle batzuek horretan hasten zirenentzat proposatzen zituzten arauak–, eta konturatu nintzen, sarritan, norbere arauak beste batenaren aurkakoak direla. Honetan arau finkorik ez dagoela ondorioztatu nuen. Autore berak ere ez du beti metodo bera erabiltzen!

 

Orduan, konta iezaguzu nolakoa den zuri funtzionatzen dizun metodo «penagarri» hori.

Idazten hasi aurretik egiten dut plangintza; hasi aurretik amaiera erabakita izaten saiatzen naiz, baina batzuetan ez dut hala egiten, eta beste batzuetan egin ahala aldatzen dut. Eskemak egiten ditut, baina oso sinpleak dira; ez dakit eskema izena ere merezi duten. Batzuetan pertsonaien zerrendak egiten ditut, baita bakoitzaren fitxak ere, baina gehienetan zati hori saltatu egiten dut. Hasierako planteamendua bai, idazten dut, baina batzuetan oso laburra izaten da. Eta eszenen eta elkarrizketen zirriborroak ere idazten ditut… Besterik ez.

 

Eta etorkizuneko idazleei gomendatzeko aholkurik?

Bururatzen zaizkidan ideiak apuntatzen ditut beti, hori bai. Asko, nik uste dut gehienak, ez dira nobela bihurtzen, baina batzuk apuntatu eta gerora hasten dira ernetzen. Pertsonaien ezaugarriak, edo agertoki posibleak ere apuntatzen ditut, horrelako gauzak. Gauzak apuntatzen ditudan karpeta horretara maiz itzultzen naiz, eta noizean behin, ahaztutako ideiak aurkitzen ditut, eta bat-batean, ezin ditut burutik kendu. Orduan, apuntatutako beste ideia batzuekin erlazioak ikusten hasten naiz, eta hor ikusten dut esku artean nobela berri bat izan dezakedala.

Eta idazten amaitutakoan, ilustratzeko garaia iritsi da! Antonio Lorenteren ilustrazioa ia beste pertsonaia bat da nobela hauetan. Hari ere egin diogu elkarrizketa Horrelakoak irudikatzen al zenituen pertsonaiak lehen istorioa idatzi zenuenean? 

Antonio Lorente aparta da ilustrazioan. Niretzat, benetako gozamena da haren lana izatea nire istorioetan, kontakizunak aberasten. Nik ez  nituen zehazki horrela irudikatzen pertsonaiak, baina horixe da politena. Ilustratzaileak testua bere egiten du, eta bere artearen arabera adierazten du. Nire buruan dagoen irudia eta hark islatzen duena ez dira berdinak, ez dute zertan izanik, eta ondo dago horrela izatea, horixe baita literaturaren oinarria. Irakurle bakoitzak agertokiak eta pertsonaiak imajinatzen ditu, idazleak emandako pintzelkadekin, eta bakoitzak berea imajinatzen du. Irakurleek ez dute idazleak buruan zituen irudi berberak bilatzen saiatu beharrik, baizik eta bereak sortu.

 

Eta nolakoa da elkarrekin lan egiteko prozesua?

Inoiz ez naiz sartzen ilustratzailearen lanean, ez litzaidake bururatu ere egingo. Beti izan dut zortea horretan, nire liburuen ilustratzaileek nire lanak erakargarriago egin dituzte.

 

Zer balio uste duzu eskaintzen dituela bilduma honek? 

Laguntasunaren balioa, oroz gain. Laguntasuna eta maitasuna. Azken batean, bizitza honetan gehien merezi duten bi gauzak dira. Hobe da Creyren moduko lagun bat izatea, luxuzko etxe bat baino. 

 

Aholku bikaina irakurle gazteentzat! Dakizun moduan, Ta-tum eskolako irakurketa plataforma da, nola gustatuko litzaizuke erabiltzea zure liburuak eskolan? 

Gelan ozen irakurtzea gustatuko litzaidake. Nire ikasle garaian, astean eskola bat horrela egiten zuen irakasleren bat izateko zortea izan nuen.

 

Eta irakasleentzako aholkuren bat?

Ez naiz inor irakasleei aholku emateko. Haien lana garrantzitsuegia eta zailegia da kanpoko inor muturra sartzen hasteko.

 

Badakigu liburu gehiago dituzula Ta-tumen, zein gomendatuko zenizkiguke?

Guztiak, noski! Oso desberdinak dira elkarren artean eta oso gai desberdinak lantzen dituzte. Ojos de Medianoche ez bezala, Cruces en la arena, Huellas de carbón edo Yo me iré contigo nobela errealistak dira, eta guztiak ditut oso maiteak. Nahiago nuke irakurleei ere berdin gertatzea!

 

Eta orain, amaitzeko, zu hobeto ezagutzeko galdera batzuk egingo dizkizugu:

Idazle izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?

Oso txikitatik jakin izan nuen istorioak kontatu nahi nituela, baina noski, beste asmo batzuk ere banituen: erdiko aurrelaria, atezaina izateko egokiagoa nintzen arren; marinela, Hegoaldeko Itsasoetan, noski; arkeologoa, arlotea… Idazle izateko aukerarik izan ez banu, ero izatearekin konformatuko nintzatekeen. Hala uste dut.

 

Zer hitz erabiliko zenuke idazle gisa zure lana definitzeko?

GOZAMENA / ABENTURA / PASIOA / DIBERTSIOA / BIZITZA

 

Ojos de Medianochez aparte, zuk haien adinean irakurritako zer liburu gomendatuko zenieke irakurleei? 

Duela hainbeste irakurritakoa izan behar badu, Joan Manuel Gisberten La isla de Tökland gomendatuko nuke.

 

Eta hori da dena, Daniel! Eskerrik asko zure denboragatik, zure sorkuntza prozesua partekatzeagatik eta Creyren unibertsora pixka bat gehiago gerturatzeagatik.