Entrevista a Albertoyos

Albertoyos, detektibeen Avante Eskolari bizia eman zion artista

14-12-2021

Albertoyos ilustratzailea, irakaslea, gidoilaria eta esataria da, baina baita –eta batez ere– artista oso dibertigarria ere, eta zehazki, detektibeen Avante Eskolari bizia eman dio. Liburu hauetako pertsonaiak eta eszenak eta Ta-tumeko pribilegio txartelak haren trazuen eta irudimenaren emaitza dira. Elkarrizketa honetan, bere estudioko ateak zabaldu dizkigu, baita bere pentsamenduak erakutsi ere, egiten duen laneko prozesua hobeto ezagut dezagun. Eskola bikain honetan irudiak jartzeko erronkari nola heldu zion ere kontatu digu.

 

Aitzindaria zara ilustrazio digitalean. Nolakoak izan ziren zure hastapenak?

Urte asko eman nituen tresna tradizionalekin marrazten, arkatzez, pintzelez, luma-muturrez, tinta potoz, pintura tutuz, akuarela pototxoz, paperez, oholez eta edonolako trastez inguratuta, etxe osoa hartuta, eta haiekin inguratuta, arrautza-irinetan eta ogi arraspatutan kroketa pasatzen den bezala. Eta ni hain baldarra naizenez, belarrietatik oinezko hatz puntaraino zikintzen nintzen. Benetako hondamendia!

Nire lehen ordenagailua erosi nuenean, hain txukun, hain txiki, hain garbi, eta Photoshop harekin. Historiaurrekoa zen, baina kolore mugagabeak eta pintura traste mordoa zituen, baita itzaltzeko botoia ere, eta sakatze hutsarekin dena garbitu, jaso eta gordetzen zirela ikusi nuenean, zorionekoa sentitu nitzen.

Eta argindarraren faktura.

 

Nolakoa da zure laneko prozesua?

Lehenik eta behin, eleberria irakurtzen dut eta ilustratzeko apoteosikohaluzinagarrienak iruditzen zaizkidan eszenak apuntatzen ditut.

Adibidez: galtzadarri batean lo dagoen barraskilo bat ez da hain apoteosikohaluzinagarria ilustratzeko; hori baino hobe, esaterako, itsas hondoan nabigatzen ari den bide bakarreko urpeko tren funikularra, brokoli dietan dauden marrazo erraldoiez inguratuta.

Gero, liburua ixten dut, estudiotik ateratzen naiz eta nire buruari uzten diot irakurri berri ditudan gauza apoteosikohaluzinagarri horiek irudika ditzan, galtza-harri batean lo dagoen barraskilo bati begira nagoen bitartean.

Nire buruak gauza harrigarriak imajinatzen amaitzen duenean, ordenagailura joaten naiz eta abiada biziz marrazten ditut, buruak pott egin eta gorde gabe dauden ideiak galdu aurretik.

Albertoyos autorretrato

Alberto Avante bilduman lanean.

 

Zer da garrantzitsuena liburu bat ilustratzeko garaian?

Nire ustez nobela edo album ilustratu on baten alderdi garrantzitsuena da bi zatiek, testuak eta ilustrazioek, elkar osatzea, eta elkar elikatzea.

Zopatarako salda kubotxoetan bezala, ilustrazioek testua aberasten dute, eta testuak ilustrazioak aberasten ditu.

Bi zatiak independenteak dira, baina osagarriak.

Ilustración Albertoyos

 

Nola planteatu dituzu Avante Eskolako ilustrazioak?

Detektibeen Avante Eskolako eleberrietako ilustrazioen gauzarik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, girotzea da. Pertsonaiak fantasiazko garai zehaztugabe zoragarrian bizi baitira, steampunk garaian, eta horrek estetika guztiari eragiten dio: jantziak, arkitektura, dekorazioa eta traste mekaniko harrigarri asko eta asko azkoinez, torlojuz eta errematxez beteta, mahukak, hodiak, engranaje kirrinkariak, orratz ordulariak, herdoildutako poleak eta lurrunezko balbulak.

Beraz, kapela luzea, urpekari betaurrekoak eta txalekoa jantzi nituen eta poltsikoko ordularia hartu nuen. Hala, nire ordenagailuko nabigatzailearen atariaren bidez XIX. mendeko garai viktoriarrera joan nintzen.

Entrevista a Albertoyos

 

Zerekin gozatu duzu gehien prozesu horretan?

Hain zuzen Davidek (maisuki) asmatutako istorio zirraragarriak biziarazteko fantasiazko giro horretan pertsonaiei bizia ematea izan da denetatik onena.

Gainera, pertsonaiak marraztean, saiatu naiz Davidek bakoitzari eman dion nortasunarekin joka dezaten. Eta diberti daitezela! Izan ere, ezetz dirudi, baina antzeztea oso latza da.

Cubierta Albertoyos

 

Ba al dago Avante Eskolako pertsonaiarik edo eszenarik bereziki ilustratu izanaz harro sentiarazten zaituenik?

Bat baino gehiago, eta sare sozialetan zintzilikatu ohi ditudanak izaten dira.

Asko gustatzen zaizkit Nolan uharteko museoaren atetzarraren, Gustave Eiffelek berak diseinatutakoaren, gainean hegan dabiltzan kaio mekanikoak, edo marrazo artean nabigatzen ari den subakuakeroaren eszena, edo Farrell etxeko Siphres and Holesek fabrikatutako organo misteriotsua edo…

Bigarren mailako pertsonaiak, guztiak helduak, sortuz ere gozatu dut.

Entrevista a Albertoyos

 

Avante Eskolak unibertso oso bat jasotzen du… Nola sortzen da mundu bat ilustraziotik? Nondik hasten da?

Lehen aurreratu dudan moduan, eleberriak ondo irakurriz eta buruari testutik aldentzen utzita, eta leku eta eszenak irudika ditzan utzita. Eta gero, ondo dokumentatuta, argazkien erreferentziak, film eta argazki zaharrak, dena xehetasun errealistekin aberasteko.

Hiru liburu hauetako gauza politenetako bat izan da unibertso honetan berezkoak diren eta Davidek asmatu dituen trasteak diseinatzea.

Subakuakeroa XX. mende hasierako urpekari bat eta balea bat konbinatuta, eta errusiar mendiko bagoi baten gurpilekin sortu nuen, eta ahotseramailea, irrati zaharrak, lurrunezko galdarak eta telefono zaharrak, hatza sartu eta diskoari bira emanarazi behar zitzaion haietakoak, zatituz eta deseginez.

Ilustración Albertoyos Llevavoz

Siphres-ek & Holes-ek diseinatutako ahotseramailea. 

 

Zer erlazio duzu, artista gisa, ilustratu behar dituzun testuekin?

Ba bikaina!

Marrazteaz gain, idatzi ere egiten dut. Horregatik, agian, gai naiz eleberri edo album ilustratu batean zer ikusi eta zer irakurri behar den bereizteko, eta horregatik, agian, nire buruan ez dago alderik testuen eta ilustrazioen garrantziaren artean, biek, eta bakoitzak bere helburuarekin, baitute balio bera lanaren barruan.

Gainera, beti saiatzen naiz idazlearekin harremanetan jartzen, haiek ezagututa, gehiago jakiten baita: galdetu edota haiekin laguntzeko aukera izan daiteke, hori baita egoera ideala.

Egia esan, ilustratu ditudan liburuen egileekin zorte handia izan dut.

 

Orain, esan egia: zenbateraino da erraza eta zenbateraino zaila Davidekin, Avante bildumako idazlearekin, lan egitea?

Davidekin lurrunezko baloi gidatu batean joango nintzateke Nolan uhartera, gutxienez, bost urteko hilabete bat edo hilabeteko bosturteko bat pasatzera.

Ilustración Albertoyos Siphres

 

TRAZU BATEN ABIADURAKO GALDE-ERANTZUNAK

Zer iritzi dute zure familiak eta gertukoek zu ilustratzaile izateaz?
Ezagutzen nautenak poztu egiten dira, ilustratzen ari naizen bitartean isilik bainago.
Tira, ez beti ere.

Zer sentitzen duzu ilustratzen duzunean?
Gizakiok buruan sobera ditugun neuronak entretenituta mantentzea; zoriontasuna besterik ezin digu ekarri.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Elkarrizketak erantzutea eta Wikipedian ateratzea. Alderantziz eta atzekoz aurrera.

Ilustratzailea izango ez bazina, zer gustatuko litzaizuke izatea?
Idazle aktore titiritero vedette bat  mainstreamean.

Ezinbesteko irakurketa bat…
Benetan gogoko dut «Lucky Luke», Goscinny eta Morrisen komikia. Hori BAT, bakarra.

 

Eskerrik asko, Albertoyos!