Ta-tum Bodegón cubiertas

Avante bilduma: misterio eta agertoki harrigarriak

22-11-2021

Ageriko sekretua da Avante Eskola entzutetsua Ta-tumen bihotzean dagoela. Baina oso gutxik dakite haien istorioak dituzten fitxategiak, digitalean irakurtzeaz gain, paperean ere badaudela. Zehazki, Avante Bilduma izenez ezagutzen diren hiru liburutan daude gordeta. 

Trilogia 8 urtetik aurrerako detektibeei gomendatzen zaie, eta nahi duzun moduan irakurtzeko pentsatuta dago: talde handian, banaka, ikasgelan, bazkalondoren, lotara joan aurretik, parkeko txoko batean edo oporretan. Beste abantailaren bat? Gaztelaniaz, katalanez, euskaraz eta ingelesez eskura daiteke. 

Giro futurista, pentsatzera bultzatzen duten enigmak eta abentura asko eta asko biltzen dituzte liburu guztiek. Axel, Zinca, Helena, Oto, Ciro eta Aristide dira protagonistak; detektibe horiek askotariko gaitasunak dituzte, baina taldean lan egitea dute indargune nagusia. Elkarrekin Nautilus taldea osatzen dute, eta beti daude prest kasu berri bati aurre egiteko! Orain arte, honako hauek argitu dituzte:

 

Billinghurst gazteluaren kasu bitxia

Ta-tum Castillo Billinghurst

Taldeak lehen misioa du aurrean: munduko zazpi bitxi baliotsuenen lapur maltzurra aurkitzea. Horretarako, Billinghurst gaztelura bidaiatu beharko dute. Susmoen arabera, bertan izango da lapurra, gertakari bitxi eta zirraragarria gertatzen den bitartean. Lortuko ote dute?

 

Nolan uharteko agerpen sinestezinak

Ta-tum Isla de Nolan

Sarbide zaileko urpeko museo bat, baimendu gabe agertzen diren koadroak, filantropo bitxia eta erantzun sinestezinak dituzten galderak. Nautilus taldea abian jartzeko osagai erakargarriak denak ere. Nola gainditu gaindiezina dena? Zer helburu du koadroak isilpean erakusgai jartzen dituenak? Misterio honetan murgildu beharko da agintariei buruhausteak sortzen dizkieten irtenbideak topatzeko.

 

Farrell etxeko mamu-gertaerak

Ta-tum Mansión Farrell

Ustezko mamu batek zaintzen du etxetzar zahar batean ezkutatutako altxorra; nabigazioko objektuak eta, are interesgarriagoa, pirateriako objektuak gordetzen ditu. Zer da, egiaz, gertatzen dena? Istorio honetan, ezer ez da dirudiena, eta misterioa argitzeko, gure taldeak baimenik gabeko misioari egin beharko dio aurre.

 

David Fernández Sifres da nobelen atzean dagoen egilea; eta Bostak edo Alfred Hitchcock y los tres investigadores bildumen oroitzapen ahaztezinen eragina antzeman daiteke haietan. Haur eta gazte literaturan aitorpen handiko sariak jaso ditu, besteak beste, Ala Delta, Alandar eta Barco de vapor sariak. Baliabide narratiboak modu orekatuan erabilita, hala nola umorea, misterioa eta ikasleen arreta erakartzeko gai diren korapilo sinesgarriak sortuta, pertsonaiei ahotsa emateko eta itxuraz sinpleak diren istorioak sortzeko erronkari heldu zion.

Albertoyos da ilustrazioen sortzailea; aitzindaria ilustrazio eta pintura digitalean. Haren talentu eta irudimenak sortu dituzte Axel, Zinca, Oto, Helena, Ciro eta Aristideren irudiak, baita Avante bilduman bizi diren abenturen eszenak ere. Prentsan, publizitatean eta diseinuan lan egin du. Baina ez da hori bakarrik! Helenak bezala, super entzumena du eta ahots ona du, horregatik, esatari ere bada, baita irratiko gidoilari eta irratiko antzezlanetako interprete ere!

Personajes Escuela Avante

Hemendik aurrera, begiak azti; izan ere:  «inork ezin du eskatu Detektibeen Avante Eskolan onar dezaten. Ez dago onarpen formulariorik, eta ez du eskaerarik onartzen. […] Egun batean, edozein lekutan, edozein ordutan, agian bakarka edo agian norbaitekin zaudela, jatetxeren batean edo ikastetxean, ezezagun batek sorbaldan ukituko zaitu. “Aukeratu egin zaitugu, esango dizu”. Agian zu eta zure gelakideak izango zarete erakunde entzutetsuan sartzeko hurrengoak; inoiz ez da jakiten misterioak noiz joko duen atea, eta Julio Cortázarrek zioen moduan, zirrikitutik ikus daiteke adarbakarra dabilen zelaia.